Mondragon Unibertsitateak eta Egibidek lankidetza-hitzarmena sinatu dute, prestakuntza-jarduera elkarrekin bideratzeko Gasteizen
Mondragon Unibertsitateak eta Egibidek lankidetza-hitzarmena sinatu dute, prestakuntza-jarduera elkarrekin bideratzeko Gasteizen
2027-2028 ikasturtetik aurrera, Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritzako graduen lehen maila egin ahal izango da Egibide-Jesús Obrero ikastetxean. Hasiera batean, 80 plaza eskainiko dira bi taldetan, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz.
Gasteiz, 2026ko urriaren 8a. Mondragon Unibertsitateak eta Egibidek lankidetza-hitzarmena sinatu dute, prestakuntza-jarduera elkarrekin gauzatzeko Gasteizen. Epe laburrera, 2027-2028 ikasturtetik aurrera, Mondragon Unibertsitateko ingeniaritza-graduen lehenengo mailak Gasteizen egiteko aukera emango du akordioak. Era berean, hitzarmenari esker, LHko zenbait heziketa-ziklotako ikasleek 3 urtetan burutu ahal izango dituzte unibertsitate-ikasketak, 4tan beharrean.
Ingeniaritzako lehenengo maila hori goi-mailako heziketa-zikloetatik zein batxilergotik datozen ikasleei zuzenduta dago, eta ibilbideak haien jatorrizko prestakuntzaren arabera egokituta daude. Hasiera batean, 80 plaza eskaintzea aurreikusi da, eta bi talde egongo dira: gaztelaniazkoa eta euskarazkoa. Bi hezkuntza-erakundeetako irakasleek emango dituzte eskolak.
LHko heziketa-zikloetatik datozen ikasleek 3 urtetan burutu ahal izango dituzte ingeniaritzako ikasketak, jatorrizko titulazioaren eta aukeratutako graduaren arabera, ildo bereko LHko lanbide-familiarik ez duten titulu jakin batzuen kasuan izan ezik. Batxilergotik datozen ikasleek, berriz, 4 ikasturte beharko dituzte ingeniaritzako gradua amaitzeko.
Praktikan, hitzarmenari esker, lehenengo maila joan-etorririk gabe egiteko aukera izango dute Mondragon Unibertsitatean ingeniaritza ikasi nahi duten ikasleek; hau da, garraiobiderik erabili gabe ohiko bizilekutik kanpora joateko.
Hitzarmen estrategiko honek beste lankidetza-eremu batzuk ere hartzen ditu kontuan; besteak beste, prestakuntza duala sustatzea eta ikasleek gradu-amaierako lana Arabako enpresetan egitea, langileen etengabeko prestakuntza, eta ingeniaritzako graduekin lotura duten graduondoko ikasketak diseinatzean lurralde historiko honetako enpresen prestakuntza-beharrak aintzat hartzea.
LH – Unibertsitatea lotura
Akordioa sinatuz, lanbide-heziketako ikasketen eta unibertsitatearen arteko loturaren alde egindako apustua indartu dute bi erakundeek. Asmoa da lotura hori goi-mailako hezkuntzako ingurune integratuetan gauzatzea eta Arabako enpresa eta erakundeetako profesionalen beharrei erantzutea.
Lankidetza-hitzarmena Egibideren Jesus Obrero campusean sinatu dute, gaur, Diocesanas – Jesus Obrero Fundazioko Patronatuko Batzorde Exekutiboko lehendakari Albert Verges Vidalek, Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreko lehendakari Xabier Egibarrek eta MUko Goi Eskola Politeknikoko Kontseilu Errektoreko lehendakari Iker Alberdik.
Hitzarmenaren testuinguruan, Mondragon Unibertsitateak beste unibertsitate-ikasketa batzuk jarri ditu abian Araban, eta ingeniaritzako graduak birdiseinatu ditu, batetik, lehen mailako eredu bateratuari erantzuteko, eta, bestetik, lanbide-heziketako profilak integratzeko. Ildo horretan, 60 ECTS aintzatesten dira, gehienez, eta ondorioz, ingeniaritza-graduko titulua 3 urtean eskura daiteke.
Bestalde, lanbide-heziketa eta modalitate dualeko unibertsitate-ikasketak lotuko dituzten prestakuntza-ibilbideak sustatzeko Egibidek egin duen apustua indartu eta sendotzen du aliantzak, helburutzat hartuta prestakuntza espezializatuaren eskaerei eta Arabako enpresek duten profil tekniko aurreratuen beharrari erantzutea.
Hezkuntza, gizartea eraldatzeko tresna eta Arabarekiko konpromisoa
Topaketaren irekiera-ekitaldian, Egibideko Zuzendari Nagusiak, Cristina Penak, balioa eman dio ekimen honen oinarrian dauden giza helburuari, gazteen garapenerako ilusioari eta gizarteari zerbitzua emateko bokazioari:
“Mondragon Unibertsitatea eta Egibide gizarte-zerbitzurako bokazio sakona dugun bi erakunde gara. Aliantza hau biok partekatzen dugun konbikziotik sortu da: gure prestakuntza-eremuak eta lortutako esperientzia bateratu ditzakegula gure inguruneko kualifikazio eta talentu teknikoaren beharrei erantzun hobea emateko.”
Arabako enpresentzako talentua
Arabako enpresa-sareari dagokionez, akordioa aukera bikaina izango da ingeniaritzen arloko talentua erakartzeko, baita ikaskuntza-prozesuan zehar ere, prestakuntza dualari esker. Esan beharra dago Mondragon Unibertsitatea eta Egibide liderrak direla prestakuntza dualean, bai Euskadin eta bai Estatuan ere.
Kalitatezko prestakuntza duala bermatzeko, 1.500 enpresa eta erakunde laguntzailek baino gehiagok osatutako sare zabala dute Egibidek eta Mondragon Unibertsitateak.
Ingeniaritzaren oinarriak lehenengo mailatik hasita indartzea ahalbidetuko du ereduak, eta, gainera, lanbide-heziketaren balioa nabarmentzea eta prestakuntza dualaren garrantzia sendotzea, eskualdeko enpresekin eta erakundeekin elkarlanean.
Aliantza estrategikoak
Hitzarmena sinatuz, Mondragon Unibertsitateak beste aurrerapauso bat eman du Euskadiko lanbide-heziketan erreferentziazkoak diren ikastetxeekin aliantza estrategikoak gauzatzeko bidean.
Egibidek, ostera, beste urrats bat egin du, goi-mailako lanbide-heziketako eta batxilergoko ikasleek ikasten jarrai dezaten sustatzeko eta, hala, haien garapen pertsonalean eta laneratzean laguntzeko.
Hainbat ingeniaritzatako lehenengo maila hori Gasteizen ikasteko aukera emateaz gain, beste lankidetza-eremu garrantzitsu batzuk ere hartzen ditu kontuan Egibideren eta Mondragon Unibertsitatearen arteko hitzarmenak.
Adibidez, Arabako ikasleek prestakuntza duala eta gradu-amaierako lana bertako enpresetan egitea bultzatuko du.
Horrez gain, langileentzako etengabeko prestakuntza espezializatuko ekintza berriak jarri nahi dira martxan, teknologia aurreratuen arloa jorratzeko eta enpresen kualifikazio-eskaerari erantzuteko.
Azkenik, Araban eta Euskadin estrategikotzat jotzen diren sektoreekin lotutako graduondoko ikasketak abian jartzeko aukera aztertuko da, eta sektore horiekin lotura duten ikerketa-proiektu eta transferentziak egitea bultzatuko.
Halako lankidetza-ekimenek talentu tekniko-teknologikoa garatzea ahalbidetzen dute, Euskadin ingeniaritzen arloan dauden premiei erantzutea xedetzat hartuta.
Erakundeen babesa
Ekitaldian izan dira Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua; Jon Labaka Lanbide Heziketako Sailburuordea; Sara Urionabarrenetxea Unibertsitate Antolaketa eta Plangintzako Zuzendaria; Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusia eta Saray Zárate Ekonomia Garapenaren eta Berrikuntzaren Foru Diputatua; baita Mondragon Unibertsitateko, gure Patronatuko, Gasteizko Gotzaindegiko (bere Presidentea) ordezkariak eta lankidetzan ari garen hainbat erakunde, enpresa eta elkartetako pertsonak ere. Ohorea da hainbeste pertsonaren presentzia izatea, lankidetza-akordio honen sinadura gure lurraldeko hezkuntza-, industria- eta gizarte-etorkizuneko mugarritzat jotzen baitute.







